XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GORAIPAMEN MEREZIA Jainkoak libra gaitzala laudorioen egunetik, edo antzeko zerbait gogorarazten digu herriko esaera zaharrak.

Tamalez laudorio egun asko jasaten ari gara azken urte hauetan, hainbeste lagun desagertzen ikusiz.

Eta oraingo honetan ere bai bat ongi estimatua eta mirestua.

Bizirik dirauten tertuliek, Donostiakoak, Iruñekoak eta Alikantekoak, azken denbora hauetan lagun handi batez gain, solaskide bikain bat, zerbitzurako prestua, ikasia, adeitsua, diztiratsua, edukatua, ona galdu dute.

Eta batez ere, lehen esan dugun bezala, bere lagunen lagun ona.

Pepe Berruezoren lagunek, bere osasunari buruzko kezka eta zalantzetara ohituak zeudenak norbaitek beste hura gogorarazten zion Le malade imaginaire, ez zuten sekula pentsatu Atso Zaharra hain hurbil zebilkionik.

Eta hori, azken hilabeteetako une batzuetan, bere bihotzari buruz kezkati hitzegin zuelarik.

Hain sentikor zegoen osasunaren inguruko edozein gairekin, anekdota hau ere esanguratsu bihurtzen zaigula.

Duela urte bete Aurrezki-Kutxa Munizipalean prestatzen ari ginen berak hainbeste ikertu eta maite zuen gaia, eta beronen argitalpenerako interes handiz lan egin zuena: 1813ko Abuztuaren 31ko Donostiako guduaren 150. urteurreneko oroigarrizko karpeta.

Argitalpen haren hitzaurrean idazten genuen: Historiagileek eta ikertzaileek dokumentu eta ikerketa ugari eskaini diote gai honi.

Bertakoen eta gaur egunekoen artean, José Berruezo gogoratzen dugu espezifikoki, etab. etab.

Dena ongi dago, baina espezifikoki horrek badirudi botikako zerbait gogorarazten duela.

Espezifikoak eta gauza horiek, komentatu zuen.

Huraxe izan zen egin zuen ohar bakarra.

Koaderno haren bigarren argitalpenean, azaldu berrian, irakurtzen da, delako aditzlagunaren ordez, gogoratzen dugu bereziki José Berruezo Jauna, etab. etab.

Tafallako bere atseden lekuan irribarre konplize eta eszeptiko batez irakurriko zuen zuzenketa berria.

1813ko Karpetaren aurkezpeneko ospakizun haiek, iazko Abuztuaren 30 eta 31n, Gastronomiako Kofradian eta San Telmoko udal Museoan berak asko maite zituen bi agertoki, zeinetara ilusio biziz joan bait zen, Juan M. Peña Ibáñez bere betiko lagunaren laguntzaz, hauetxek izan ziren beharbada bere azken bi agerpen publikoak.

Hauekin bukatzen zen José Berruezoren konpainia gozo eta ahaztu ezina Dr. Camino Bibliotekako gure hainbat eta hainbat ekintza kulturaletan eta Aurrezki-Kutxa Munizipalaren Kultura eta Erakusketa Aretoetan, hirian ohizko bisitari zen beste hainbat toki kultoez ez hitzegiteagatik.

Bidezkoa da, bada, gure aldetik laudorioa egitea gure lagunari.

Goraipamena hizkuntza klasikoagoan hitzeginda.